Erreumatologia Zerbitzua. Accesita lortu du osasun-kudeaketaren bikaintasun operatiboko IESE-NOVARTIS sarian
ESI arteko kontsulta-ereduaren ikerketa-proiektu batek, Bilbo-Basurtuko ESIko Erreumatologia Zerbitzuaren eta Barrualde Galdakao ESIren artekoak hain zuzen, accesita lortu du osasun-kudeaketaren bikaintasun operatiboko IESE-NOVARTIS sarian
“Recibir reconocimientos en este sentido nos da impulso y nos alienta a seguir. Pensamos que es una línea innovadora buena para los pacientes y el sistema”.
Mª Luz García Vivar doktoreak, proiektu honetako ikertzaile kliniko nagusiak
IESE Business Schoolek eta Novartisek batera antolatutako Kudeaketa Sanitarioko Programa Aurreratuak urteko zortzigarren jardunaldian aztertu ditu hala berrikuntzak erakunde sanitarioen eraldaketaren katalizatzailetzat duen balioa, nola fokua pazientearengan jartzen duen ereduaren aldaketa eta ekosistema sanitario berriko aliantzak.
Innovación disruptiva: transformación y evolución en las organizaciones sanitarias izenburupean, adituek, profesionalek eta osasun-erakundeetako kudeatzaileek bere esperientzia eta ekimen berritzaileak azaldu dituzte jardunaldi bitan. Saio birtualak eta presentzialak izan dira, eta ekainaren 29an eman zitzaien amaiera.
Bilbo-Basurtuko ESIko Erreumatologia Zerbitzuak Barrualde Galdakaoko ESIarekin batera parte hartzen du diziplina anitzeko (kudeatzaileak, informatikariak, teknikariak, ikerketa-taldeak) azterlan horretan, eta osasun-kudeaketako bikaintasun operatiboko IESE-NOVARTIS sariko accesita lortu du ESIen arteko kontsulta-ereduaren ikerketa-proiektuagatik: Consulta Asincrónica.
Mª Luz García Vivar doktorea, Atalburua eta Erreumatologia Zerbitzuko arduraduna, proiektu honen ikertzaile kliniko nagusia da.

Egun on, Mª Luz: Gure egungo bizi-erritmoek modu berriak eskatzen dituzte pazienteekin eta osasun-arloko profesionalekin harremanetan jartzeko. Beraz, zer ahalbidetzen du telekontsulta asinkronikoak?
Nahiz eta, herri-sinesmenaren arabera, erreuma beste kausarik ez duen eta adineko pertsonengan agertzen den edozein oinaze den, errealitatea bestelakoa da. Erreumatologook arduratzen gara bizitzaren hainbat unetan ager daitezkeen hanturazko koadro artikular eta sistemikoez; izan ere, azterketa hau espondiloartritis axiala duten pazienteetan egiten da, hau da, gazteen artean diagnostikatu ohi den gaixotasun baten kasuan, eta forma klasikoan gizonezkoetan jazotzen da. Horien artean, terapia gidatuak behar dituen azpi-populazio bat dugu, alegia, ospitalean erabiltzeko diren medikamentuen terapiak, jarraipena egitea eskatzen dutenak pazientearen eraginkortasuna egiaztatzeko eta segurtasunari eusteko. Paziente egonkorren kasuan, erremisio klinikoa lortzen denean gaixotasunik ezaren antzeko zerbait, funtsezkoa da eskaintzea eguneroko errutinak eta jarduerak lana, familia, aisialdia albait gutxien oztopatuko dituen kontsulta-aukera bat.
Zein da telekontsulta sinkronikoaren eta asinkronikoaren arteko aldea?
Kontsulta asinkronikoak ez du eskatzen sanitarioa eta pazientea aldi eta toki berean egotea, hhau da, komunikazioa ahalbidetzen du pazientea kontsultara joan barik eta telefono edo bideokonferentzia baterako geratu barik. Kasu honetan, pazienteak behar dituen analisia edo miaketa osagarriak egiten ditu, eta galdetegi egokiak betetzen ditu (PROMak) haren osasun-egoera ebaluatzeko. Beste une batean, osasun-taldearen feedbacka jasoko du, a posteriori jarraitu beharreko jarraibideak emateko. Telefono-deia gordeko litzateke emaitzetan gorabeheraren bat edo anomaliaren bat dagoela esateko, edo aurrez aurreko hitzordua adostea beharrezkoa balitz egoera kliniko jakinen bat konpontzeko.
Nola funtzionatzen du erreumatologiako kontsultan? Nolako tresneria behar da?
Orain arte, kontsulta asinkronikoa erabili dugu whatsapp plataforma batean exprofeso sortutako chatbot baten bidez, azterlan kliniko baten testuinguruan, eta terminal mugikor bat izan dugu pazienteari plataforman alta emateko eta pazienteen alertak jasotzeko, kontaktua behar izanez gero. Hori etorkizunean konponduko litzateke baldin historia klinikoetan alta automatikoa ematea ahalbidetuko duten agenda-aukerak sortuko balira. Orduan, kontsultako ordenagailuaz harago, ez litzateke ezer beharko. Gainerakoa kontratatu beharrekoa litzateke, chatbot-arekin integratzeko irtenbide teknologikoa.
Telekontsultak irtenbide egoki agertu dira COVID-en pandemia bezalako une zail baterako: funtsezkoak izan ote dira pazienteek sentitzeko arreta eman zaiela?
Erreumatologian PROMez egindako telekontsulta eraginkorra zela frogatu zen hainbat agertoki klinikotan, baina pandemia aurreko garaian bazterturik zegoen sakabanatze handiko ingurune geografikoetara edo prekarietate-egoera jakin batzuetara. Medikuen eta pazienteen aldetik nolabaiteko mesfidantza zegoen aldaketarekiko. Pandemian, ostera, irtenbide seguruen beharrak eroan gaitu telekontsultako eredu sinkronikoetara, telefono-deien eta bideo-deien bidez. Oro har, sanitariook eta pazienteek egiaztatu dugu erabilgarriak direla presentzialtasunaren eredu alternatibo eta osagarri izan daitezen, baina beharrezkoa da pauso bat harago ematea. Konfinamenduaren ostean, begitantzen zaigu irtenbide asinkronikoa pazientearen bizitza gutxiago oztopatzen duen eta sistemarentzat jasangarriagoa den alternatiba dela, denbora eta baliabideak optimizatu ahal ditu eta.
Zure ustez, horrelako ekimenek aukera ematen dute euskal osasun-sistema sendotzeko eta indartzeko?
Nire ustez, gure osasun-sistemak kontsulta-ereduak dibertsifikatu behar ditu, eta berdin egin behar dute Estatuko eta Europako beste sistema batzuek ere, paziente-eredu jakin bati hobeto egokitzen zaizkion konponbideak hurreratzearren: gaztea (gure azterlanean, batez besteko adina 50 urtetik beherakoa da), soluzio teknologikoak erabiltzen dituena (mugikorra, sare sozialak), zeinen kasuan, sarritan, lan- edo familia-arrazoiengatik edo lehentasunengatik, aurrez aurreko jarraipena eragozpena baita. Telekontsultaren aukerak, PROMak erabiliz, askotarikoak dira: paziente egonkorretan erabili dira, baina baita jarraipen zorrotzeko estrategietarako ere ohiko bisita asko beharko lituzkeen gaixotasun aktiboko egoeretan. Iraunkorrak dira eta laguntzen dute pazienteen jarraipen hobea egiten. Horrek ez du esan gura bisita presentzial klasiko guztiak bertan behera utzi behar direnik, ezpada aukera oso interesgarria dela zenbait pazienterentzat eta zenbait egoeratan.
Ikertzaile kliniko zaituen proiektu hau telekontsulta asinkronikoari buruzkoa da. Azalduko zenuke zertan datzan?
Hasierako ideiaren abiapuntua paziente bat da. Berak kontsultan erabiltzen diren PROMak edo galdetegiak ezagutzen zituen, eta bere lanagatik pentsatzen zuen whatsapp plataforman chatbot bat erabiltzea. Klinikoak eta kudeatzaileak konbentzitu zituen, eta, horrela, diziplina anitzeko talde bat antolatu genuen Osakidetzako informatikariekin, Redytel-ekin eta ikerketa-unitateekin. Denen adostasunarekin diseinatu dira soluzioa eta azterlana, eta ESI bik parte hartu dute, Bilbo-Basurtuko ESIak eta Barrualde Galdakaokoak). Kontsultetan espondiloartritis axiala duten paziente egonkorrak hautatu ditugu, zeinek baimen informatua sinatu eta oinarrizko bisitan plataforman alta eman ostean, lau hilean behin jarraipen-telebisita bi egiten baitituzte, eta azken bat aurrez aurrekoa, non, gainera, pazienteek adierazten dizkiguten eredu telematikoarekiko bere gogobetetasuna eta etorkizunera begirako bere lehentasunak. Hainbat forotan aurkeztu ditugu gure ESIko pazienteen jarraipenetik 10 hilabetera eskuraturiko datuak (65), eta geratzen zaigu azterlana amaitzea eta emaitzak aztertzea.
Azterlanaren unea arte, bisita telematikoak ez du erakutsi ohikoa baino apalagoa denik eraginkortasunari eta segurtasunari dagokienez, eta asistentzia-denborak aurreztu ditu, bestalde, beharrezkoa izan denean, pazientearekin harremanetan jarri da, baita tratamendua aldatu ere. Gure ustez, paziente-talde bat oso pozik dago ereduarekin, eta ikusiko dugu ea talde hori ezaugarri jakin batengatik bereiztea daukagun.
Adituek adierazi dute teknologia berriak ezartzerakoan dagoen arazoetako bat baliabiderik eza dela. Zer ikuspegi duzue zure Zerbitzutik?
Horrela da; kontsulta dibertsifikatzeak eta zirkuitu asistentzial alternatibo horiek sortzeak eskatzen du erantzun egokia emateko gai diren osasun-langileak (medikuak, erizainak) egotea. Emaitza onak izan ditugu pertsonak Biocruces Bizkaiaren ISS bidez kontratatzeko formatuarekin. Gure ESIan arduratu dira plataforman alta egiteaz eta plataformarekin sortutako arazoen jarraipena egiteaz. Desiragarria da soluzioaren integrazioan aurrera egitea, errutina asistentzialetan aplikagarriagoa izan dadin, eta une aproposa iruditzen zait erreumatologian espezializatutako erizaintzako kontsultak Estatuan eta Europan duen aitorpena aldarrikatzeko, zeinen eginkizunetako bat PROMak jasotzea izango bailitzateke. Horretan ere ez genuke atzean geratu behar.
Ezin dugu elkarrizketa hau amaitu zorionik eman barik osasun-kudeaketako bikaintasun operatiboaren IESE-NOVARTIS sarian lortutako accesitagatik. Zer esan gura du zuretzat eta zure talde osoarentzat?
Azaldu dugunez, diziplina anitzeko talde-lana da, eta ESI bitako profesionalek parte hartu dute. Bilerak berrebaluazioa eta etengabeko hobekuntza ekarri ditu, eta oso esperientzia interesgarria izan da, baina lan handikoa. Oraindik lan asko dago egiteko azterlan honetan eta soluzioa beste gaixotasun batzuetara zabaltzeko. Horregatik aitorpenak jasotzeak bultzada eman eta segitzera animatzen gaitu. Uste dugu pazienteentzat eta sistemarentzat ildo berritzaile ona dela.
Eskerrik asko García Vivar doktorea zure denbora eta lankidetzagatik. Uste dugu oso garrantzitsua eta beharrezkoa dela zuen lana herritarrei eta gainerako profesionalei ezagutaraztea.
Eskerrik asko eta zorionak
