Hasi dira immunoterapia zelularra sarkoma aurreratuan entseatzen
Sarkoma aurreratua duten pazienteei buruzko azterketa baten 1. fasean, HER2 antigenoari bideraturiko CAR-T zelulazko terapiak etorkizun onekoa dirudi
Baylorreko Medikuntza Fakultateko minbizi pediatrikoaren zentroko eta terapia geniko eta zelularreko zentroko ikertzaile-talde batek, Texasen, I. fasean dagoen saiakuntza kliniko baten (HEROS 2.0) emaitzak argitaratu ditu, zeintzuk odoleko zenbait minbizitan iraultza izan diren. Beste urrats bat da CAR-Ten erabilera tumore solidoetara zabaltzea, zehazki, immunoterapia zelularra erabiltzea arrisku handiko sarkometarako.
Terapiak oinarri ditu HER2 proteinari erasotzeko diseinatutako CAR-Tak, sarkomaren zelulen gainazalean larregi agertzen dena. Saiakuntzak frogatu du ikuspegi terapeutiko hori segurua dela eta onura klinikoekin lotzen dela.
Lanaren lehen egileak, Meenakshi Hegde onkohematologoak, dio saiakuntzaren emaitzek erakusten dutela aurrera egin dela CAR-T zelulen boterearen aprobetxamenduan sarkomen aurkako terapia antitumoral eraginkorra izateko.
Aurreko saiakuntza bat izan zen (HEROS azterketa), non ikertzaileek egiaztatu zuten HER2+ tumore-zelulen aurka zuzendutako CAR-T zelulek segurtasun-profil ona dutela, baina onura klinikoa mugatua zen, linfozito eraldatuen hedapen eta iraunkortasun eskasagatik. Orain, HEROS 2.0 saiakuntzan, ikertzaileek linfodeplezioaren ostean CAR-T autologoen ondoz ondoko infusioak gehitu dituzte HER2ren aurrean, lekua uztearren infunditutako zelulak heda daitezen. Ikerketak frogatu du linfodeplezioaz eta tratamendu-zikloak errepikaturik CAR Ten hedapenak eta iraunkortasunak hobera egiten dutela.
Saiakuntzak sarkoma duten hamahiru paziente batu ditu; horietatik zazpi gaixok CAR-T infusio ugari jaso dituzte. 21 infusioetatik 19ren ostean, CAR-Ten hedapena egiaztatu da. Gainera, ikertzaileek ikusi dute tratatutako pazienteen % 50ek onura klinikoa duela. Azterlanean nabarmentzen den erantzunetatik bat errabdomiosarkoma metastasikoa duen paziente batena da, osasuntsu eta minbizi barik segitzen duena, tratamendua jaso eta bost urte baino gehiago igarota, Nature Communications-en egindako ikerketa batean jakinarazi denez.
Ikerketak aurrera segitzen du HEROS 3.0 saiakuntzarako pazienteak batzen. Ebaluatuko du segurua den konbinaturik ematea CAR-T HER2+ zelulak, kimioterapia eta kontrol immunitarioko puntua (checkpoint) inhibitzen duen farmako bat.
Iturriak:
Diario Médico. 2024ko apirilaren 24a.
Revista Nature Cancer. Autologous HER2 specific CAR T cells after lymphodepletion for advanced sarcoma: a phase 1 trial. Hemen eskura daiteke: https://www.nature.com/articles/s43018-024-00749-6
Nature Communications argitalpena: Tumor response and endogenous immune reactivity after administration of HER2 CART T cells in a child with metastatic rhabdomyosarcoma. Hemen eskura daiteke: https://www.nature.com/articles/s41467-020-17175-8
