Saiakuntza klinikoen kontsulta berria hasi da

Patricia Alonso Fontaneda, ia 20 urteko esperientzia duen erizaina, Saiakuntza Klinikoen Kontsultaren erreferentea da. Bilbo-Basurtuko ESIko I+G+b Unitatearen eta IIS Biocruces Bizkaiaren mendeko kontsulta bat da, ikerketaren euskarria ematen duena bai azterlanaren fase guztietan, bai behar diren erizaintzako teknikekin zerikusirik duen guztian.

Noiz erabaki duzu asistentziaren praktikatik ikerketara igarotzea?

Beti izan dut ikerketaren munduarekiko jakin-mina, eta denbora honetan zehar nire ekarpen apalak egin ditut, zein biltzarretarako komunikazio edo posterren bidez, zein berrikuspen bibliografikoen argitalpenen bidez.

IIS Biocruces Bizkaiaren deialdiaren berri eduki nuenean, aukera bat iruditu zitzaidan ikerketan aritzeko. 180 graduko bira izan da nire bizitza profesionalean, baina garrantzitsua iruditzen zitzaidan gure ESIan saiakuntza klinikoetako erizainaren ardura sortzea eta ikerketan egiten dugun lana ikusaraztea.

Zertan datza kontsulta hori?

Helburu nagusia da gure Erakundeko ikerketa-taldeei laguntza ematea egiten diren saiakuntza klinikoetan, behar dituzten erizaintzako teknikekin zerikusirik duen guztietan, eta aurrez aurreko bisiten, telefono-hitzorduen edo proba osagarrien egutegia kudeatzea.

Zer da saiakuntza klinikoa?

Saiakuntza klinikoa gizakiengan egindako ikerketa mota bat da, helburu duena tratamendu edo esku-hartze sanitario berri bat ebaluatzea. Pazienteen jarraipena amaitu ostean esku-hartzearen emaitzak taldeen artean erkatuko dira.

Saiakuntza klinikoak beharrezkoak dira tratamendu berriak garatzeko, eta onuragarriak dira gure pazienteentzat, medikamentu berriak eskuratzeko aukera ematen die-eta, oraindik esperimentazio-fasean daudenak; eta gizartearentzat ere onuragarriak dira, ikerkuntzan laguntzen dute-eta, izan ere, gaixotasunen prebentzioari edo tratamenduari buruzko informazio gehiago lortzen d.

Zer fase gainditu behar ditu saiakuntza klinikoak?

Zeinahi saiakuntza kliniko hasi aurretik, beharrezkoa da baimena ematea hala Euskadiko Medikamentuen gaineko Ikerkuntza Batzorde Etikoak (Euskadiko E-mIBE) zelan Agencia Española de Medicamentos y Productos Sanitarios (AEMPS) erakundeak.

ESIan, egokitasuna egiaztatzeko eta aparteko kargak aitortzeko zirkuitua aktibatzen da, zeren beharrezkoa baita sustatzaileak, osasun-zentroak, erakunde kudeatzaileak eta ikertzaile nagusiak bere gain hartzen dituzten erantzukizunak kontratu batez formalizatzeko. <0} Bizkaian egiten diren azterlanetan kontratuaren kudeaketa IIS Biocruces Bizkaiari dagokio.

Saiakuntza amaitutakoan, zelan merkaturatzen da botika berria?

Farmakoa merkaturatu ahal izateko etapak arrakastaz gainditu ostean, AEMPSen (Agencia Española de Medicamentos y Productos Sanitarios) edo Europako Batzordearen baimena behar da, ikerketaren emaitzak haien eskura jarrita. Baimena emateko oinarria irizpide zientifikoak dira, medikamentuaren kalitate, segurtasun eta eraginkortasunaren gainekoak hain zuzen. Baimena eman ostean, medikamentuak eten barik gainbegiratu behar dira arriskuei eta erabilera berriei buruz sortzen diren datu berrien ikuspegitik, eta horrela, baimena edozein unetan berrikusi daiteke.

 

KONTSULTAREN INFORMAZIOA

Telefonoa: 663009049 (882049)

Helbide elektronikoa: patricia.alonsofontaneda@osakidetza.eus

Ordutegia: Asteartetik ostiralera 8:00etatik 15:00ak arte

TOKIA: Arrupe pabiloiko 3. solairua